Laster hasiko da Thinking Football Film Festival ekimenaren zazpigarren edizioa.

19-02-2019

Thinking Football Film Festival Athletic Club Fundazioak antolatutako zinema jaialdia da, futbolari eta bizitzari berari buruzkoa. BBK Salaren laguntza eta Euskaltelen babesa ditu horretarako. Futbolari buruzko jaialdia da, film guztiek futbol talde, zale, estadio edo txapelketei buruzko istorioak kontatzen dituztelako; baina, batez ere, bizitzari buruzko jaialdi bat da, istorio horiek guztiek gizakion egoerei buruzkoak direlako: Pasioak eta desengainuak, arrakastak eta porrotak, oroitzapen eta ahanzturak, beldurra eta itxaropena. Futbola gizartearen ispilua da; horregatik, Thinking Football jaialdiaren programazioan gizartearen gatazka eta zirrikituak ondoen erakusten dituzten filmak hautatzen dira, betiere, aurrera egitera eramango gaituzten hausnarketa eta eztabaidak sustatzeko aukera ematen badute.

Edizio hau martxoaren 18a eta 22a bitartean egingo da. Hainbat herrialdetako bederatzi luzemetraia emango dira, hala nola, AEB, Iran, Erresuma Batua, Txina, Suedia edota Errumanian egindakoak. Egun bakoitzean protagonista edota zuzendariak izango dira gurekin, eta filmaren osteko solasaldian parte hartuko dute.

Sarrera doakoa da, lekua bete arte. Ikusleek aukera izango dute gehien gustatu zaien filmaren aldeko botoa emateko, eta jaialdiaren amaieran, boto gehien izan dituen filmak Thinking Football Film Festivaleko Ikusleen Saria jasoko du.

Banatu